Aurrekontuei buruzko foru-arauaren proiektuak osoko zuzenketen bozketa gainditu du

Aurrekontuei buruzko foru-arauaren proiektuak osoko zuzenketen bozketa gainditu du

Bozketak
2022 abe. 16

Halaber, osoko bilkurak, Aiaraldeko Berehalako Jarduera Planean jasotako Ingurumenaren eta Mugikortasun Jasangarriaren arloko proiektuaren esparruan jarduketak egiteko lankidetza hitzarmena berresteko Fotu Araua onartu du

EH Bildu eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) batzarkide taldeek aurkeztutako osoko zuzenketen bozketa gainditu ondoren, Arabako Lurralde Historikorako Aurrekontuen 2023ko Foru Arauaren proiektua izapidetzen jarraitzen da Batzar Nagusietan. Gaur goizean egindako osoko bilkurak atzera bota du kontuak Foru Gobernuari itzultzea. Bi zuzenketak proposatu dituzten taldeek itzultzearen alde bozkatu dute, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkide taldeek aurka, eta Arabako Popularrak batzarkide taldeak abstenitu egin da.

Zuzenketa partzialen eztabaida

Horrela, eta Arabako Legebiltzarreko Mahaiak Lurralde Historikoko kontu publikoak Ganberan eztabaidatu eta onartzeko finkatutako tramitazio-egutegiak jasotzen duen bezala, Ogasun, Finantza eta Aurrekontu batzordeak batzarkideek aurkeztutako 403 zuzenketa partzialak eztabaidatuko ditu datorren astelehen eta asteartean, hilak 19 eta 20an, behin Mahaiak gaur eguerdiko bileran kalifikatu ondoren.

Astelehenean, abenduaren 19an, jardunaldia 9:00etan hasiko da, diputatu nagusiaren aurrekontuari dagozkion zuzenketen eztabaidarekin. Jarraian, Enplegu, Merkataritza, Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioa (10:45), Lurralde Oreka (11:45), Ekonomiaren Garapena, Berrikuntza eta Erronka demografikoa (12:45) eta Nekazaritza (13:30) sailen kontuak izango dira. Arratsaldean, 16:30etik aurrera, batzordeak Bide Azpiegituretako eta Mugikortasuneko eta Ingurumen eta Hirigintzako (17:30) departamentuen aurrekontuei aurkeztutako zuzenketak aztertuko ditu.

Hurrengo egunean, bilera 9:00etan hasiko da berriro, eta Kultura eta Kirol, Gizarte Politika (10:00) eta Ogasun, Finantza eta Aurrekontu (12:00) sailetako kontuak aztertuko dira.

Batzordeak egiten dituen bozketen ondoriozko irizpena, erregelamenduak bilkura honi ematen dion arautze-ahalmen osoaren ondorioz boto haztatuz arautuko dena, osoko bilkurak berretsi behar izango du hurrengo ostiralean, abenduaren 23an.

Aiaraldeko Berehalako Jarduera Planarekin lotutako Foru Araua

Bestalde, gaurko osoko bilkurak, Aiaraldeko Berehalako Jarduera Planean jasotako Ingurumenaren eta Mugikortasun Jasangarriaren arloko proiektuaren esparruan jarduketak egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Arabako Foru Aldundiaren arteko lankidetza hitzarmena berresteko Foru Araua aho batez onartu du.