Osoko bilkurak bi mozio onartu ditu indarkeria ekintzen gaitzespenari eta Berganzoko Uraren Ibilbideari buruz

Osoko bilkurak bi mozio onartu ditu indarkeria ekintzen gaitzespenari eta Berganzoko Uraren Ibilbideari buruz

Osoko bilkura
2021 urr. 27

Arabako Batzar Nagusien beste osoko bilkura bat egin da gaur goizean, Gasteizko Probintzia Etxe-Jauregiko osoko bilkuren aretoan. Bozeramaileen batzordeak atzo onartutako adierazpen instituzionala irakurrita hasi da bilera, asteburuan Arabako hiriburuan izan ziren erasoak gaitzesteko eta arbuiatzeko.

Ondoren, eta araugintza-eginkizuna betez, Foru Ganberak saioari ekin dio sei foru-dekretu arauemaileren baliozkotzeari buruzko eztabaidarekin. Dekretu horiek honako foru-arau hauen testu bateratuak onartzeko dira: Toki Ogasunak, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga, eta Hiri-lurren Balioaren Gehikuntzaren gaineko Zerga. Ganberak guztiak baliozkotu ditu EAJ-PNV, EH Bildu eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoekin eta Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeen abstentzioarekin.

Jarraian, EH Bildu batzarkide taldeak adinekoentzako egoitza-zentroak ituntzeko aurkeztu duen foru-arauaren proposamena kontuan hartzeari buruz eztabaidatu du osoko bilkurak. Arabako Foru Aldundiaren kontrako irizpidearekin, Arabako Legebiltzarreko Mahaiko kideek irakurrita, osoko bilkurak atzera bota du kontu hartze hori, EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak taldeen aurkako botoekin eta EH Bildu, Arabako Popularrak eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldeen aldeko botoekin.

Gai-zerrendako puntu hori amaitu ondoren, batzarkide taldeek aurkeztutako bi mozio eztabaidatu dituzte prokuradoreek, Arabako Batzar Nagusiek Foru Aldundiaren gobernua bultzatzeko duten funtzioaren esparruan.

Lehenengoak, Iñaki Oyarzabal Arabako Popularrak batzarkide taldeko bozeramaileak aurkeztuak, aurreko asteetan poliziarekin izandako indarkeriazko eta liskarrezko ekintzak gaitzesten zituen. Ildo horretan, erdibideko zuzenketa bat onartu da, proposamena egin duen taldearen eta EAJ-PNV eta Euskal Sozialistak batzarkideen aldeko botoekin, EH Bildu taldearen kontrako botoekin eta Elkarrekin Araba (Podemos-Ezker Anitza-Equo) taldearen abstentzioarekin.

Azkenik, bilkura amaitzeko, Elkarrekin Araba batzarkide taldeak (Podemos-Ezker Anitza-Equo), Damián García-Moreno prokuradorearen ahotsean, Berganzoko Uraren Ibilbidea Arabako Lurralde Historikoko Ibilbide Berdeen Sarean sartzeari buruz aurkeztutako mozioa eztabaidatu da. Osoko bilkurak aho batez onartu du horretarako aurkeztutako erdibideko zuzenketa.

Deskargatu hemen bozketen laburpena

Bilkuraren bideoa