Batzar Nagusiek euskararen erabileraren diagnostikoa hasi dute Ganberako langileen artean

Batzar Nagusiek euskararen erabileraren diagnostikoa hasi dute Ganberako langileen artean

euskararen taldea
2024 mar. 12


Batzar Nagusiek dagoeneko hasi dute euskararen erabilera eta presentzia erakundean bertan ezagutzeko diagnostikoa, eta galdetegiak bidali dizkiete Arabako Ganberako funtzionarioei. Diagnostikoa Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana egiteko lehen urratsa da. Idazkaritza Nagusiko talde teknikoak, Ganberako lehendakaritzak koordinatuta, hainbat lan-bilera egin ditu dagoeneko neurtu beharreko adierazleak zehazteko, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak Saregin tresnaren bidez ezarritako jarraibideen arabera.

Batzar Nagusietako langileek beren borondatez erantzun ahal izango diete gaur bertan bidalitako galdetegiei. Emaitzak aztertu egingo dira, eta ondorio horiek Batzar Nagusietako Mahaiari helaraziko zaizkio, batzarkide-taldeei eta ganberako langileei bidali aurretik. Ondoren, planaren helburuak finkatuko dira, plana idatziko da eta Mahaiari bidaliko zaio, onar dezan. Sailburuordetzak, orduan, bere ekarpenak edo zuzenketak egingo ditu, eta azken testua Batzar Nagusietako Mahaiak onartuko du behin betiko.