Adierazpen instituzionala, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta

Adierazpen instituzionala, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta

Emakumeenganako indarkeria
2020 aza. 24

Arabako Batzar Nagusiek berretsi egiten dute berdintasuneko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako politiken alde.

Iaz, 2019an, azaroaren 24an egindako tradiziozko osoko bilkuran, Batzar Nagusi hauek aho batez onetsi zuten 15 puntu zuen mozio bat. Mozioak, bere lehenengo puntuan, honakoa adierazten zuen: “Arabako Batzar Nagusiek adierazten dute emakumeenganako indarkeriaren   sustraiak   honako   hauek   direla:   gizonen   eta emakumeen arteko botere-harremanen desberdintasun historikoa;  eta  emakumeenganako  diskriminazio  orokorra,  bai sektore publikoan, bai sektore pribatuan”.

Urtebete geroago, agerian geratu da, bizi dugun pandemiaren ondorioz, emakumeek egoera are zaurgarriagoan daudela indarkeria matxistaren aurrean.

Hortaz, gisa honetako egoerak salatzen jarraitu beharra daukagu, urratzen dituztelako berdintasun-printzipio oinarrizkoenak eta Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasotako oinarrizko eskubideak. Halaber, sustatzen jarraitu behar dugu politikak eta baliabideak abian jartzea, indarkeria-egoera hauek prebenitzeko, biktimei babesa emateko baliabideak eta programak garatzeko, eta bestetik emakumeen ahalduntzea eta autonomia laguntzeko.

Halandaze, Arabako herritar guztien ordezkari den instituzio gisa, Batzan Nagusiek arabarrei dei egiten die bat egin dezaten Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako eguna dela-eta mugimendu feministak antolatzen dituen mobilizazioekin, eta bere egiten dute EUDELek, Euskadiko Udalen Elkarteak, aho batez onetsitako adierazpena. Honako konpromiso hauek hartzen dituzte:

  • Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesuaren erdigunean jarri, beren beharrak eta eskaerak entzunez eta haiei erantzuna emanez. Helburua da babeserako, arretarako, erreparaziorako eta ez errepikatzeko bermerako duten eskubidea ziurtatuko duten politikak diseinatzea.
  • Zaintza hobetzea, indarkeria-egoerak bizi dituzten emakumeen era eta profil berriak detektatu ahal izateko eta haien aurrean jardun ahal izateko
  • Indarkeria matxista bere era guztietan pairatzen duten emakumeentzako arreta- eta babes-zerbitzuak mantentzea, hobetzea eta egokitzea ikuskera sendatzaile batekin, instituzio bakoitza bere eskumenen esparruan.
  • Bultzatzea emakumeen ahalduntzea eta indarkeriaren prebentzioa laguntzeko programak populazio gaztearen artean, etorkizunean indarkeria-egoerak ekiditeko funtsezko tresna gisa.
  • Tokiko berdintasun-programak babestea eta sendotzea, desberdintasunen areagotzearen aurka borrokatzeko, emakumeen zenbait kolektiboren zaurgarritasuna larriagotzen baitu.
  • Aztertzea zein eragin ari den izaten COVID19ren krisiak emakumeen pobretzean eta zaurgarritasunean, babes-jarduketa espezifikoak taxutu ahal izate aldera.
  • Genero-ikuskera txertatzea enpleguaren eta diru-sarreren galera eta krisiaren bestelako eragin negatiboak arintzeko neurrietan, krisiak eragin handiagoa izan duelako emakumeengan eta hori oztopo bat delako indarkeria matxistako egoeretatik atera ahal izateko.
  • Instituzioen arteko lankidetza eta koordinaziorako dei bat egitea (udalak, foru aldundiak eta Eusko Jaurlaritza), nor bere eskumenen esparruan, baliabideak bermatu eta behar diren ekimen guztiak abian jartzeko xedez.