kontaktatu | informazio eskaera | GUNE PRIBATUA | loturak | gunearen mapa eu | es |
Hemen zaude: Hasiera > Erakundeari buruzko informazioa > Funtzio orokorrak > AFAren jarduera kontrolatzen eta sustatzen dute >

  • En directo
  • Mediateca
  • Histórico de vídeos
  • Expedientes
  • Relación con la ciudadanía
  • Transparencia

Foru Aldundiaren jarduera kontrolatzen eta sustatzen duteimagen

Foru Aldundiaren eta Batzar Nagusien arteko harremanak sistema parlamentario bati dagozkionak dira, non Foru Aldundiak (botere exekutiboa) Batzar Nagusien aurrean (botere legegilea) bere kudeaketaren kontu ematen baitu, eta haien kontrolpean baitago. Batzar Nagusiek, diputatu nagusia hautatzeaz gain, kargutik kendu dezakete zentsura-mozioa deritzon mekanismoaren bidez. Gainera, foru-gobernuaren kudeaketa politikoa kontrolatu eta sustatu dezakete hainbat bitarteko erabiliz horretarako.
 
Ondorengoak dira Foru Aldundiaren jarduera kontrolatzeko eta sustatzeko bitartekoak:

Gobernua kontrolatzeko tresnak

Zentsura-mozioa: Batzar Nagusiek Aldundiari erantzukizuna exijitu ahal diote zentsura-mozio baten bidez.
Behintzat hamabost prokuradorek proposatu beharko dute zentsura-mozioa eta diputatu nagusirako hautagai bat ere jaso behar dute ekimen horretan. Mahaiak egiaztatzen duenean ekimenak arauez eskatzen diren baldintzak bete dituela, horren berri emango die Batzarkide Taldeei eta Foru Aldundiari. Mozioa aurkezten dutenetik bozketarako bilkuraren eguna adierazten denerako, gutxienez bost eguneko epea igaro beharko da. Epe horretan aukerako beste mozio batzuk aurkez daitezke eta mozio horiek ere aipatutako baldintzak bete beharko dituzte.
Zentsura-mozioa eztabaidatuko duten bilkuraren hasieran, mozioa sinatu duen Batzarkideren batek ekimenaren alde egingo du eta ondoren proposatutako hautagaiak bere programa azalduko du. Parte-hartze horien ostean, Batzarretako lehendakariak bilkura eten dezake eta etendurak ezingo du hogeita lau ordu baino luzeagokoa izan. Osoko Bilkurari berriz ekin ondoren, Batzarkide Taldeek hartuko dute hitza eta parte-hartzaile guztiek erantzuteko txanda izango dute.
Azkenean zentsura-mozioa bozkatuko dute. Osoko Bilkuraren gehiengo osoak alde bozkatzen badu, diputatu nagusia kargutik kendu eta Foru Aldundia eten egingo da. Mozioan proposatu den hautagaia izango da diputatu nagusi berria.
Foru diputatu baten erantzukizuna ere exijitu daiteke eta horretarako foru diputatu horri zentsura-mozio bat aurkeztu ahal zaio. Kasu horretan ezingo da hautagairik eta aukerako moziorik aurkeztu. Foru diputatu baten aurkako zentsura-mozioa onartzen bada, diputatu nagusiak foru diputatu hori kargutik kenduko du berehala.

Konfiantza-arazoa: Arabako Lurralde Historikoaren Erakundearen Antolamenduari buruzko Foru Arauak ondokoa dio: diputatu nagusiak Arabako Batzar Nagusietan konfiantza-arazoa aurkez dezakeela egiten duen politika orokorrari buruz. Konfiantza lortzen ez badu, kargua utzi beharko du.
Konfiantza-arazoa arrazoitutako idazki baten bidez aurkeztuko du; Diputatuen Kontseiluak egingo du aipatutako idazkia. Horretarako deitutako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran dagokion eztabaida burutu ondoren, konfiantza-arazoa bozkatuko dute. Konfiantza arazoa eman diotela ulertuko da Batzar Nagusietako botoen gehiengo soila lortzen badu. Konfiantza-arazoa lortzen ez badu, diputatu nagusiak dimisioa aurkeztuko du eta beste diputatu nagusi bat izendatuko dute.

Interpelazioak: Batzarkideek, euren taldeen bitartez, Foru Aldundiari eta Aldundiko kide bakoitzari interpelazioak aurkezteko aukera dute eta gobernuaren jarreraren arrazoiei eta asmoei buruz galde dezakete gobernuak egiten duen politikaren zenbait alderdiren inguruan. Ekimena onartzen bada, Foru Aldundira bidali ondoren, kontroleko osoko bilkuraren gai-zerrendan sartuko da. Kontroleko Osoko Bilkura horretan hitza izango dute interpelazioa aurkeztu duenak eta interpelazio hori jaso duen Foru Aldundiko kideak.
Interpelazioen ondorioz, horiei buruzko mozioak egin daitezke, jakiteko zein den Batzar Nagusien iritzia gai horren inguruan.

Galderak: Batzar Nagusietako Araudiak ondokoa xedatzen du: prokuradoreek galderak egin ditzaketela Osoko Bilkuran erantzuteko, hau da, Kontroleko osoko bilkuran erantzuteko, edo gaiaren arabera dagokion Batzordean erantzuteko. Galdera horiek diputatu nagusiari edo aldundiko edozein kideri zuzendu ditzakete. Galderak idazki baten bidez aurkeztuko dituzte eta gai, gertaera, egoera edo informazio bati buruz zer jakin nahi duten adieraziko dute. Gainera, Aldundiak gai baten inguruan erabakiren bat hartuko duen edo gai baten inguruan biltzarrei agiriren edo informazioaren bat emango dien galde dezakete. Osoko Bilkuran zein Batzordean, galderak ekimena aurkeztu duenak burutuko ditu eta Foru Aldundiko dagokion kideak erantzungo ditu.
Gainera, idatziz erantzuteko galderak zuzendu ditzakete Aldundira; kasu horretan gobernuak hogei eguneko epea izango du galderak egiten direnetik horiei erantzuteko.

Foru diputatuek edo foru diputatu ez diren beste agintari edo funtzionario batzuek Batzordeetan egiten dituzten agerraldiak: Foru diputatuek Batzarretako Batzordeetan agerraldia egin beharko dute Batzarrek hala eskatzen badute, gai jakin bati buruz informazioa emateko, eta baita orokorrean sailaren eskumeneko gai bati buruz edo egiten duen politika orokorrari buruz informazioa emateko ere. Kasu horietan, Talde guztietako ordezkariek hartuko dute parte argibideak eskatzeko edo oharrak egiteko eta gobernuko ordezkariak erantzungo die.
Foru diputatu ez diren beste pertsona, agintari edo funtzionario batzuek Batzar Nagusietako Batzordeetan agerraldiak burutzeko ere adostu daiteke, betiere agerraldia Arabako Lurralde Historikoan eragina duten edo lurraldearekin lotura zuzena duten gaien ingurukoa bada.

Batzordeetako foru diputatuen bilkura informatiboak: Foru diputatuek eskatuta egiten dituzten agerraldiak dira. Mahaiak erabakiko du zein Batzordetan egin behar den agerraldi hori eta foru diputatu horrek eskumeneko jarduerei buruzko informazioa emango du. Foru diputatuek bilkura horietara Foru Aldundiko goi kargudunen batekin joan daitezke. Agerraldi horretan, eta diputatuaren agerraldia entzun ondoren, Taldeek, Batzordean duten bozeramaleen bitartez, galderak eta oharrak egin ditzakete. Gobernuko ordezkariak eta harekin joan diren goi kargudunek horiek erantzungo dituzte.

Foru Aldundiari edo beste administrazio batzuei eskatutako informazioa: Gobernua kontrolatzeko funtzioa bete ahal izateko, prokuradoreek, euren Taldearen bidez, Foru Aldundiari dituen datuak, txostenak eta dokumentazioa eskatu ahal dizkiote. Foru gobernuak eskaerari erantzun beharko dio gehien jota hogei eguneko epean edo, bestela, zergatik ez duen erantzun adierazi beharko du epe horretan. Prokuradoreek, gainera, Biltzar Nagusietako lehendakaritzaren bidez, gainerako Lurralde Historikoei edo Arabako toki entitateetako administrazioei eskatu ahal diote Araban eragin duen gai bati buruzko dokumentazioa.

Gobernua sustatzeko tresnak

Mozioak: Edozein Batzarkide Taldek aurkez dezake mozio bat eta mozioaren helburua ondokoa da: Foru Aldundiak Biltzar Nagusietara eskumeneko gai bati buruzko proposamenaren bat bidal dezala edo Batzar Nagusiek gai jakin bati buruz iritzia eman dezatela.
Mahaiak erabaki behar du mozioak tramitatzeko onestea edo ez; orduan Osoko Bilkurara edo gaiaren arabera eskumena duen Batzordera bidaliko ditu eta argitara emango dira gainontzeko Batzarkide Taldeek zuzenketak aurkez ditzaten.
Proposatu duen Taldeak, zuzenketak aurkeztu dituztenek eta zuzenketarik egin ez dituztenek hartuko dute parte eztabaidan eta amaieran Mozioa eta zuzenketak bozkatuko dituzte. Onestutako mozioak argitara emango dira eta Foru Aldundiari horien berri emango zaio, gai bati buruz Batzarrek duten borondate politikoa adierazteko.

Batzar Nagusietako erabakiak: Foru Aldundiak Batzar Nagusietara zenbait jakinarazpen bidal ditzake eskumeneko gaiei buruz, betiere Osoko Bilkurara edo dagokion Batzordera zuzenduta, eta horiek eztabaida sortuko dute. Eztabaida horretan Batzarkide Taldeek erabakitzeko proposamenak aurkez ditzakete eztabaidagaiaren inguruan. Proposamen horiek guztiak bozkatu egingo dituzte, eta onartzen badira, Arabako Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituzte eta horien berri emango diote Foru Aldundiari edo dagokion organo edo entitateri, batzarretako borondate politikoa zein den adierazteko.

© Arabako Batzar Nagusiak 2010 Vicente Goicoechea kalea, 2 01008 Vitoria-Gasteiz Tel.: 945 125 100
Irisgarritasuna- Legezko abisua- Datuen babesa-